ARATUSTEAREN ORKIDEA
Landareen mundura hurbiltzen zaren lehen momentutik, orkideak
nabarmenduko zaizkizu. Errepide ezpondetan zein mendi inguruetan ikusita, espezie
arruntenak ezagutzen hasiko zara. Eskolako argazki herbarioan alerik bilatuenak
izango dira eta identifikatzeko komeriak
geroxeago etorriko dira. Zalantza barik, lorerik ikusgarrienak direlako eta
gure inguruetan udaberriero hamaika
espezie berez hazten direla jakite hutsa edonor kitzikatzeko modukoa
da. Horregatik bibliografia apur bat lortzeko lehen aukeran, bertako
orkideen gida ezin falta izan.
“Orquídeas de Navarra” (1982) Euskal Herrian
landare berezi hauen inguruko lehen argitalpen monografikoa izango zen ziur aski.
Egun zeharo zaharkituta dago baina eskuetan eduki eta aurreneko sensazioa
liburu tekniko baten aurrean egotea izan zen, basogintza ikasketak
amaitu berri dituenarentzat handiegia
akaso.
Liburu honekiko harremana estutu nuen loreen irudi sinpleei esker eta
posta bidezko komunikazioa inposatu zitzaidan garaietan, gutunak apaintzeko
edota postal txukunak egiteko oso lagungarria izan nuen, orkideen marrazkiak
erabiliz. Orduan hasi nintzen bestelako orkidea espezie gehiagoren izenekin familiarizatzen
eta neurri berean, hauen mundu txundigarriaren berri izaten.
Azkenik Arrañoko landare aberastasunaz jabetzeko aukera etorri zen eta topatzen nuen orkidea espezie bakoitzeko aurkikuntza berebizikoa iruditzen zitzaidan.
Orkideei esker, bizitzako hainbat arlotan bezala, "lagun
birtusoarekin" bat egiteko aukera izan nuen beste behin ere. Geroztik, eta 20 urte baino gehiago pasatu dira dagoeneko,
bere ekinbide eta lana erreferentzia izaten jarraitzen dute niretzat.
Nire botanika ezagupenak mugatuak dira eta jakin-mina izan da
orkideon mundura hurbildu nauena. Mundu honetan sartu ahala, landare hauen
ezaugarriak direla medio, inguruan eboluzionatzeko, mutatzeko eta hibridatzeko
duten ahalmen azkarrari esker batez ere, bere konplexotasunaz jabetzen zara,
adituei ere sekulako zailtasunak sortzen
dizkiona.
Ophrys orkidea generoa konplexotasun horren adibide garbia da.
Grezierazko jatorrian “bekaina” esan
nahi du eta polinizatzen dituzten insektuen forma hartzeagatik bereizten dira Ophrys taldeko orkideak, zein baino ederrago eta bereziagoa. Talde honetako espezierik konplexuena "fusca" (iluna, grezieraz) dugu eta Arrañoko landarretan
otsailetik maiatzera ikusteko parada dago, ingurumari osoko orkidea espezie goiztiarrena izanik.
Adituei buruhauste handiak eman eta ematen dizkion espeziea da,
azken hamarkadetan “azpiespezie” berriak
antzeman zaizkiona, modu azkar batean esatearren. Adituek “azpiespezie” ala “aurre-espezieak”
diren ez dute argi. Nik ez dut saltsa horietan sartzeko inolako asmorik eta nire lagun birtusoaren irizpidearekin
berriro ere fidatuz, Arrañon “miretsi” ahal dena O. fusca taldetik eratotitako
Ophrys lupercalis espeziea da. Bitxia da, “lupercalis” abizenak otsailaren
erdialdean ospatzen ziren Lupercalia jaietan baitu jatorri, errotamatarren
aratusteak alegia, bere izaera goiztiarrari erreferentzia eginez.
Ez dakit ditxosozko konfinamendua dela medio, noiz paseatu ahal
izango dugun Arrañoko landetatik baina gutxienez jakin ezazue otsailetik
maiatzera arte ikusteko aukera izango ditugu lore ikusgarri hauek.
Eta bitartean, ahal dugun moduan, goza dezagun udaberria. Besarkada bat.
INDARRA ETA OSASUNA.
AURRERA BETI
INDARRA ETA OSASUNA.
AURRERA BETI
Argazkiok 2019ko udaberrian eta 2020ko otsailean eginda daude, blog honetako argazki guztiak bezala Arraño mendiko parajetan.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina