ARRAÑOKO ORCHIS ITALICA ALE BAKARRARI LEPO EGIN DIOTE


2018. urtean aurrenekoz atzeman genuenetik, landare honek salbuespenez burutu ahal izan  du ziklo biologiko osoa.  Urtero gertatu izan  bait zaio  zerbait: inoiz esistitu ez balitz bezala desagertzetik , janda agertzeraino.  Orain arte aziendeei errua bota izan diegu (txintxo pentsatuz) eta ondorioz, urterik urte, espezie honen ale bakarra  babesteko egiturak hobetzen joan izan gara, bere integritatea babestu nahian. Izan ere, ez da edozein landare. Orchis italica, gogora dezagun,  mehatxatutako espezien zerrendan dago, kaltebera atalean hain zuzen ere, hau da,  desagertzeko zorian daudenen kategoriaren aurrekoan.

Horren lerden agertzen zen lore sorta ebaki ziotenean

Horretaz gain, Laudioko kokapena apartekoa  da, mediterranear aldeko espeziea izanik, oso zita gutxi daude gure herria dagoen eremu atlantikoan, are gutxiago Arabako lurraldean. Eta azken nabardura garrantzizkoa: ale bakarra da. Hortik gure tema ale berezi hori babesten. Aurten kaktus erako mallarekin itxidura ezarri zitzaion, azienden kalteen salbu erabat. Baina jakina, ez genuen kontatzen asmo txarreko jendearen jokamolde maltzurrekin (modu finean esanda). Ze oraingoan bai, argi dugu, mallaren egituragatik zaila bada ere,  tresna zorrotz batekin ebaki izan diote zurtoin lerdenaren buruan zuen lore multzo ederra. Atsekabe handia sortu digun berria izan da. Ez dugu ukatuko. Zaila da imajinatzea halako  jokabide arduragabe eta suntsigarriak dituzten pertsonak. Baina egon badagoz. 

"EAE-ko flora baskular mehatxatua" katalogoan, espezie kalteberen atala zabaltzeko agertzen da O.italica, bere edertasuna eredu.
"EAE-ko flora baskular mehatxatua" katalogoan, espezie kalteberen atala zabaltzeko agertzen da O.italica, bere edertasuna eredu.

Espero dezagun, Arrañoko Orchis italicako ale tematiak oraindik orain adorea  mantendu eta berriro ere hurrengo udaberrian bere edertasuna miresteko aukera ematea  . Guk (temati ere) babesten jarraituko dugu,  espeziaren egonkortasuna bermatuko lukeen ale gehiagoren agerpenaren esperantzaz. Eta lore ederrak gorrotatzen dituzten morroiei lore gehiago eskeiniz bide batez, ea herra zaion.

Arrañoko harribitxia. Blog honetan jakingarri gehiago.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

MIHURA: LURRA ETA ZERUAREN ARTEAN / El muerdago: entre el cielo y la tierra.

Orkidea espezie alerik zaurgarrienetan babes egitura berriak

LAMUZA-ARRAÑOKO ZUHAITZAK: ASTIGARRA/ ÁRBOLES DE ARRAÑO-LAMUZA: EL ARCE