ARRAÑO?? ZE ARRAIO... (Laudiokerietan)
"_ Non egon zara ?
_ Arrañon.
_ Arrañon? Baina ze Arrañon
?? ”
Blogarekin hastea planteatu ginenean, edukina eta eremuaren zabalpena mugatzea izan zen aurreneko eginkizuna . Lamuza abiapuntua izanda eta parkeak atxikituta daukan Arraño mendia lagun, Arraño-Lamuza naturgunea adiera aukeratu genuen blogaren edukinek izango zuten zabalpena mugatzeko, behin hastapeneko toponimia kontuak argituta (“Arraño” hobesten da “Larraño”ren aldean). Baina testutinguru “sozionatural” bati erantzuten zion adierak gure herrian “Arraño” toponimoaren inguruan egon den nahasmenduri egiten zion “ekarpena” ez genuen kontuan hartu. Horretaz jabetu gara, Arraño-Larrea deritzon mendia gure jomugan egon denean.
Luxamenditik datorren mendilerroa
Nerbioi ibaiak ebakita egon arren, badu norantza berean jarraipenik (IM-HE), izen ezberdinekin ezagutu izan
den mendi muinoan hain zuzen ere: “Larraño” “Arraño” “Berrio”, “Arraño-Larra”,
“eskonbrera” ( Laudioko zabortegia izan zelako), “motocros pista”… Izan ere, marka da gero, herri bereko aurrez
aurre dauden bi muinok toponimo bera edukitzea!
Tira ez dut toponimiaren amaraun korapilatsu eta gatazkatsuan gatibatua geratu
nahi eta bai aldiz, agiri zenbaitek erabilitako
adiera ezberdinen zein azkenengo irizpide toponimikoen berri ematea eta gero
norberak atera ditzala ondorioak.
"Arraño Txiki" "Arraño Handi"tik ikusita |
Arraño-Larrea geologikoki Arraño-Lamuzaren jarraipena da (agerian dituen arkaitz ildo bereizgarriekin), berau bezala artadi kantauriarraren berezko eremua delarik . Hamarkadetan zehar ingurune txit degratatua izan da eta behin bertako zabortegia zigilatuta, Aldundiak zein Udalak lehengoratze lanak burutu zituzten. Alde batetik belardiak sortzeko eskuhartzeak gauzatu ziren alderdirik harritsuenetan eta beste aldetik, lurraren babeserako zuhaitz espezie ezberdinak landatu ziren, ingurua naturalizatuz. Aipatzeko modukoa da, tontor inguruan mantendu izan den porte handiko arteez osatutako baso txiki baina apaina, jatorrizko landaretzaren lekuko esanguratsua dena.
Mapa geologikoan Arraño biak osatzen material berberez osatuta daudela ikusten da |
Arraño-Lamuzatik begiratuta, eta bertako landaretza aztertzen ari ginela, Arraño-Larrea orkideetarako leku egokia izan zitekeela ematen zuen eta hango bazterrak arakatzeko parada noiz suertatuko geure buruari galdetzen genion. 2020ko konfinamendu osteko asteek aukera hori eman ziguten eta oraingo honetan usteak ez ziren ustelak izan, orkidea espezie sorta aparta ikusteko parada izan baigenuen. Geroztik, bertako espezien populazioei jarraipena egiten gabiltza eta ondorioz Arraño-Lamuza naturguneko partetzat hartuko dugu aurrerantzean. Ziur sorpresa gehiago emango digula.
"Arraño Handi" "Arraño Txiki"tik ikusita |
Amaitzeko Arraño biak ala biak abeltzantza aprobetxamendurako belardiak izanik (eta horretaz blogaren beste sarrera prestatzen ari gara), Onura Publikoko Mendiak dira. 363/2020 azaroaren 16ko Foru Aginduak mendi biren gainean egindako azken mugaketa eta mugarritzeen berri ematen du eta mendi bakoitzaren ezaugarriak agertzeaz batera , datu interesgarriak agerian uzten ditu toponimoen inguruan, izenen afera aberastu (konpondu edota aldrebestu) lezakeena.
*ONURA PUBLIKOKO MENDIA 73 zk. LARRAÑO HANDI izenekoa, Arraño-Goienuri inguruan.
*ONURA PUBLIKOKO MENDIA 74 zk. LARRAÑO TXIKI izenekoa,
Arraño-Larrea inguruan.
http://www.araba.eus/botha/Boletines/2020/137/2020_137_03594_E.pdf
https://www.araba.eus/botha/Boletines/2020/137/2020_137_03594_C.pdf
Jakiteke dago, “handi” eta “txiki”
ren izendapena nondik datorren, Laudion erabili izan den ala foru aldundiko
teknikari kanpotarren batek asmatutakoa , "laudiokeria" hauekin gogaituta.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina