Arrañoko orkideen kontserbaziorako urrats berriak
2022ko denboraldiari ekiteko irrikitan amaitu genuen 21. urtekoa, izan ere, gure mendi kutunean hazten diren basa orkideen kontserbazioari begira urrats nabarmenak eman ziren eta jarraipena izango zutela esperantza sendoa genuen.
Gogora dezagun, mehatxupean dauden orkidea espezie aleak babesteko egiturak ezarri genituela eta horren berri udalean eman genuela, bertako belargunetan egiten ziren mantenu lanen arduradunek landare aberastasun eta hauskortasun hori kontuan har zezaten behintzat.
Bere garaian esan genuen moduan, erantzuna oso ona izan zen eta ingurugiro zein landa garapen udal sailetatik gaiari modu sendoagoan ekiteko proposamena luzatu ziguten.
Gauzak horrela, udazkenean lan taldea osatu eta geroztik hainbat bilera burutu izan dugu Arrañoko basa orkidea espezien babeserako ekimen ezberdinak gauzatze aldera. Ikuspuntuak amankomunean ipini ditugu eta hartu-emana emankorra izan da. Aurten gauzatzen ari diren kontserbazio ekimenez gain, etorkizunari begira bideorri bat markatuta geratu da eta hori zinez inporantea da.
Diario de Alava-Arabako Egunkaria |
Neguaren hasieran mehatxatutako orkideen (Orchis italica eta Himantoglossum hircinum) aleen babes itxidura berriak ezarri ziren Udalaren esku, abereek kaltetu ez ditzaten. Egiturekin batera kartel informatiboak ezarri ziren.
Ganadua ez dabilen eremuetan aldiz, landareak markatu eta belar mozketen egutegia egokitu da landare aleok errespetatu asmoz. Beste alde batetik, Arrañoko gune batzuetan desbrozeak egin dira, larreak hobetu ez ezik, orkidea espezieentzako ere onuragarriak diren lanak hain zuzen.
Udalak ekimen hauen berri eman zuen zenbait hedabideetan, herritarren artean sentsibilizazioa bilatuz eta sortuz.
Gure aldetik lanean jarraitzen dugu, ikasten eta ikasitakoa partekatzen saiatzen eta Arrañon mirestu ditzakegun orkidea espezieen argazki-gida txikia osatu dugu, herritarrei orkideen behaketa errezteko. Argaki gidaz gain, loraldi egutegia eta mapa interatiboa deskarga daiteke Q kode baten bitartez.
Arrañoko Orchis italica alea 2022an |
Azkenik, esan beharra dago, babesa eta sentsibilizazioa bilatu arren, aberastasun horren berri ematean, sare sozialetan eta komunikabideetan agertzeak eta edertasun hori zabaltzeak bere arriskuak eduki ditzakeela, asmo oneko zein asmo txarreko jendea erakarriko dutelako. Beraz, erakundeei babes neurriak hartzeko eskatu bezala, herritarrei ere arduraz jokatzeko deia egitea inposatzen da, gure ingurua zainduz, landareak errespetatu bere hortan utziz eta orkideen ederra behatze hutsaren gozamena daztatuz.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina