LAUDIOKO ORKIDEAK: 2024ko MEMORIA



Fuente del Arco (Badajoz) herriko kale baten argazkiarekin hasiera ematen diogu  urteroko balorazioari gure ekimenaren muina ezin hobeto islatzen   duelako. Orkidea basatiak  natura ondare eta baliabidetzat hartzen dituzten lurralde horietan herriko kaleak bertako espezien irudiekin apaintzea miresgarria iruditzen zaigulako.  Azken finean Laudiokoloreak-ek gauza bera bilatzen duelako.
Aurtengoa urte emankorra izan delakoan gaude, Arrañoko orkideen ezagupen eta zaintzari begira urrats garrantzitsuak ematen jarraitzen dugulako. Aletu ditzagun bada, urteak emandakoak.

 

ARRAÑOKO ORKIDEEN KONTSERBAZIORAKO PROGRAMA

Taldearen funtzionamendua finkatzen doa,  aurten aurrera eramandako ekimen ezberdinak horren isla argia direlarik. Besteak beste, honako ekimenak gauzatu dira:

  • Aurrekontu kolaboratiboen bidez,  dirulaguntza eskaera  egin genuen eta onartua izan zen. Urrats inportantea da, baliabide ekonomikoak bermatzeaz haratago, aurretik udal gobernuak agertutako laguntza (ingurugiro eta landa garapena sailen bidez) babestu eta  indartzera  datorrena.
  • Belar ebakitze selektiboak ondo definitzeko pausuak eman dira, lanetan ardura duen enpresa zein beharginekin komunikazioa hobetuz.
  • Arrañoko orkidea basatien inguruko jardunaldien I. edizioa antolatu zen. 2025 urterako 2. edizioaren antolaketan murgildurik gaude.
Orchis morio alean babes egitura
 Himantoglossun hircinum ale berri batean babes egitura
  • Mehatxatutako orkidea espezieen aleetan babes egituren jarraipena bere horretan da.  Kalteak errepikatu dira eta ondorioz hobetu beharrean gaude. Urte bakoitzeko eskarmentuak norabidea eta  zertan  hobetu erakusten digu. Akatsetatik ikasiz, hurrengo denboraldirako saio piloto gehiago egiteko asmoa dugu,  mehatxatutako espezieen aleak   zein populazio hauskorrenak babeste eta abeltzaintza jardunarekin bateragarri egite aldera.

Orchis provincialis espeziearen aleetan kalteak Arraño-Larran

 

ARRAÑOKO ORKIDEA BASATIEN INGURUKO  I. JARDUNALDIAK

Jardunaldien gai nagusia  zientzia herritarra izan da, hau da, herritar arruntek arlo zientifioei (gure kasuan botanikari)  egin diezaioketen ekarpena eta horren inguruan  zenbait proiektu ezagutzeko  aukera izan dugu. Gurean bide hori jorratzeko asmoa dugunez, ikaspenik atera dugu,   aurrerantzean  martxan ipintzen saiatuko garena. Momentuz parte hartzaileak saretzen saiatzea  izan da hastapeneko helburua.

 

Osotara 80  lagun inguruk partu hartu zuten antolatutako jardun ezberdinetan. Arrakastatsuenak txango gidatuak izan ziren (45 lagun). Hitzaldietan aldiz parte hartze mugatuagoa izan zen (17). Eskola tailerra ere egin zen Areta  Herri Eskolako LH.4-ko ikasleekin, modu arrakastatsuan gainera.

 

 Orkidea eskola tailerra Arraño-Goienurin

Datu hauei gehitu behar zaizkie erakusketa ikustera joandakoak, baina horren inguruko datu zehatzik ez dugu. Gainera erakusketari kultura etxeko obrek eragin zioten modu nabarmenean. Doakiela berriro ere Gasteizko orkideen programaren bolondresei zein koordinatzaileari gure eskerrik beroenak emandako laguntzagatik. Eta nola ez, partu hartu zuten herritarrei eta oihartzuna eman ziotenei.

Azpimarkatu behar da jardunaldiek izandako zabalpena hedabideetan,  herriko, eskualdeko, herrialdeko zein Euskal Herri mailako agerkari ezberdinetan oihartzuna izan zutela.

AIARALDEA eskualdeko hedabidean agertutako albistea 

ARGIA  hedabidean  agertutako albistea

Ondorioz, balorazio orokorra oso positiboa da eta edizio berrietarako bultzada izango da aurtengo esperientzia. Esan bezala, horretan ari gara dagoeneko. 

 

GASTEIZKO ORKIDEEN PROGRAMA 

Aurten ere Gasteizko udalerriko orkideen kontserbaziorako  programan parte hartu dugu  bolondres moduan. Partzela berri bat arakatzen animatu gara  eta sorpresa  atsegina izan dugu Orchis X hybrida-ren ale eder bat topatzean. Izenak dioen moduan, landare hibrido bat da Orchis  generoko militaris eta  purpurea espezien nahasketa dena.

 

Orchis X hybrida (Gasteiz)

 ORKIDEEN PESKIZAN

Arrañoko larreak eta gure herriko txokoak korritzeaz aparte, ugariak dira  Laudiotik kanpo orkideen bila egiten ditugun irteerak, eskualdeko orkideen mapa osatze eta ezagutzen ez ditugun espezieak ikuste aldera, beti ere, gure ezagupena  eta irizpide (herrian egiten dugun lana osatzen duena) aberasteko helburuarekin. Berritasunei begira, hauxek dira aipatzeko modukoak

Babio mendia

Aiarako udalerrian kokatutako mendi honetan sorpresa hartu dugu bertan hazten diren orkidea basati espezie ugari eta bereziekin, zeinetan Ophrys castellana alea nabarmentzen delarik. Astebetean egindako bi bisitetan espezie hauek ere atzeman genituen: Ophrys vasconica, Limodorum abortibum, Ophrys speculum... oso ohikoak ez direnak gure eskualdean.

Hirrugarren bisita egin genuenerako, ez zen ezer geratzen, ganaduak dana janda edo zanpatuta zegoelako. Horra gogoeta egiteko gonbita dagokionari , karga ganadera delakoaren gainean.

Ophrys castellana (Babio mendia-Aiaraldea)

 

Lizarraldea

Iurramendi inguruko bizikletaldia aprobetxatu genuen Euskal Herrian Dactylorhiza markusii hazten den leku bakarrenetakora bila joateko. Ale bakanen bat topatu bai baina  nahiko egoeran kaxkarrean. Ondoan Ophrys riojana ale txikia topatzeak konpentsatu zuen.

Ophrys riojana (Lizarraldea)

 

Humada-Las Loras

Ospea hartzen ari dira azkenaldian Burgoseko iparraldea  orkide basatien aberastasuna dela eta. Paramos eskualdeko Las Loras geoparkea nabarmentzen da eta hara abiatu gara udaberrian  bertako hainbat espezie topatzeko asmoz.  Aipatzekoa da Dactylorhiza cantabrica delakoa, botaniko batzuek kantauri aldeko endemismo moduan (antza solik hemen eta Galizan topatutakoa) aurkezten dutena . Beste batzuek aldiz, D. sambucina eta D. insularis-en arteko hibridotzat besterik ez dute jotzen. Humadan hiru espezie horiek bereizteko aukera izan  genuen edo  hala uste dugu behintzat. Beste aurkikuntza interesgarri bat egin genuen: Orchis papilonacea ale eder bat, kokapena ezezagun batean.  Honen berri emateko asmoz, egokiera aprobetxatu genuen bertako adituekin harremana egiteko.


Dactylorhiza cantabrica (Humada-Burgos)

  


Extremadura

Hasieran komentatu bezala, Extremadura erreferentzia da  orkidea basatien alorrean, ez bakarrik bertan hazten diren orkideengatik  (besteak beste, endemismo lokal pare bat) baizik eta, landare familia honi bertan dioten begirune eta sensibilidadeagatik.  

 

Ophrys tenthredinifera tenthredinifera (Fuente del Arco-Badajoz)

Eta esaten dugu Extramadura orokorrean , herri bakarra ez delako horrela jokatzen duena, hainbat herri  baitira natura ondorea eta natura baliabidetzat orkideak hartzen dituztenak, horri begira ekimen ezberdinak bideratuz. Ikerketa, dibulgazioa, jardunaldiak, ibilbide gidatu edota balizatuta, interpretazio zentroa, turismo arduratsuko jarduerak...

Neotinea conica (Almaraz-Càceres)

Finean,  Extremadura basa orkideazaleen paradisu modukoa dela.  Aurtengo udaberriko oporrak bertan ematea erabaki genuen, giro horretaz zipriztindu eta  ea guretzat berria den espezieren bat topatzen genuen. Urtaroaren hasiera suertatuta,   espezierik goiztiarrenak behatzeko  besterik ez genuen parada izan baina hala ere oso pozik han ikusitakoarekin.

 

Ophrys litigiosa (Almaraz-Cáceres)

Hiru herri bisitatu genituen: Fuente del Arco, Badajozen (Barlia robertiana eta Orchis papilonacea ale ikusgarriak edonon!!);  Almaráz, Caceresen, Neotinea conica (ederra), Ophrys litigiosa eta Orchis italicako populazio sinesgaitzek ahobete hortz utzi gintuzten.

Orchis italica (Almaraz-Cáceres)        
Almaraz-eko orkidea basatien interpretazio zentroa

Azkenik, Caceresen ere, Castañar de Ibor delako herrian, gaztainadi baten babespean Dactylorhiza markusii (D. romana-D.sulphurea)  espeziaren populazio txundigarria miresteko aukera izan genuen. 

 

Dactylorhiza markusii (Castañar de Ibor-Cáceres)

Horietaz gain honako espezie hauek ere behatu genituen: Ophrys tenthredinifera tenthredinifera, Orchis morio, Orchis champagneuxii, Ophrys lutea, Ophrys scolopax, Ophrys speculum, Orchis langei, Serapias lingua eta Cephalanthera longifolia.


Almaraz-Caceres

 

EUSKAL HERRIKO ORKIDEA BASATIEN INGURUKO ARGITALPEN BERRIA

 

Orkidea gida berri guztiek bezala, honako honek buruhauste berrietarako parada emango digu zaleei,  genero, espezie eta sistematikan egindako azkeneko aldaketak direla medio. Duela 40 urte argitaratutako gidaren egileei dedikatuta dago (Marianne Van de Sluys-Jesús González Atarbe, Orquídeas de Navarra. Principe de Viana 1985), guretzat ere erreferentzia izan dena eta blogaren sarrera ezberdinetan  hizpide izan duguna. 

 





 











Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

MIHURA: LURRA ETA ZERUAREN ARTEAN / El muerdago: entre el cielo y la tierra.

OKELURI BASERRIKO SAUKU UKENDUA/ Ungüento de sauco del caserío Okeluri

LAMUZA-ARRAÑOKO ZUHAITZAK: ASTIGARRA/ ÁRBOLES DE ARRAÑO-LAMUZA: EL ARCE