LAMUZA PARKEKO ZUHAITZAK: ZEDROA

 




Lamuza parkeko zuhaitzik nabarmenena zedroa dugu zalantza barik. Eta ez bakarrik alerik garaien eta lerdenak familia honetakoak direlako, baita zabalduena ere badelako.

Zedroa (Cedrus generoa), gogora dezagun, konifero mota bat da, pinuaren lehengusu hurbila zehatz-mehatz. Ondorioz, konifero gehienak bezala, hosto iraunkorreko zuhaitza dugu eta bere fruitua pinaburua da. Zedroen azpifamilia berean hosto galkorreko alertzea dago eta amankomunean besteak beste, hostoen (azikulak, pinulumak) antolamendu bereizgarria dute, bietan ala bietan brakiblasto izeneko multzoetan bilduta daudelako hostoak.

"Arboles y arbustos de la España peninsular"
  
Juan Ruiz de la Torre-Luis Ceballos

Zedroek upel formako pinaburu apainak dituzte, solik adarretan iltzaturik ikusteko moduan daudenak, bertatik bertara desegiten baitira euren hazidun eskataz lauhazetara zabalduz.


Himalaiako zedroa, parke ondoko Bizkaia kalean, piñaburuak agerian dituela.

Zuhaitz apaingarri moduan oso erabilia izan da Europako lorezaintza kulturan eta XIX. mendetik aurrera erruz zabaldu zen lorategi aristokratikoetan. Hiru espezie erabili izan dira batik bat. Himalaiako zedroa (Cedrus deodara), Asiako mendikate honetako mendebaldetik datorrena; Atlaseko zedroa (Cedrus atlantica), Afrikako ipar-mendebaleko mendikateetan jatorria duena; eta Libanoko zedroa (Cedrus libani) ekialde hurbileko mediterranear klimaren eraginpeko mendietatik datorkiguna. Libanon daude hain zuzen ere, espezie honen azken basoak eta bertako ikur nazionala da, herrialdeko banderaren atal nabaria izanik.


Libanoko bandera


Zedroa basogintzan ere erabilia izan da, ingurune mediterranearreko baso garaietan batez ere , Frantzian eta Andaluzian esaterako, zuhaizti honen ezaugarri babesle eta estekikoak direla medio.


Atlaseko zedroa

Bizitza luzeko zuhaitza eta bataz besteko bizitza 250-400 urtekoa izanagatik ere, 700 urte baino gehiagoko aleak topatu izan dira. Adaburu ederreko zuhaitzak dira, enbor zuzen eta adar zabaleko egitura egokikoak. Tamainan ere nabarmentzen dira, garaieran 40 metroak (70m-ko aleak neurtu izan dira) errez gainditzen dituztenak zein metrobete baino gehiagoko diametroak. Ebanisterian zur preziatua da zedroa, usain sarkorra ematen dion erretxin ugarikoak izatea kontra duelarik.



Himalaiako zedroa, parkearen mendebaldeko muturrean

Lamuza parkean,Atlaseko eta Himalaiako zedroak topa ditzakegu. Espezie bi hauek bereizteko adaburuaren formari erreparatu beharko diogu (adar horizontalagoak lehenak, erorixeagoak bigarrenak) eta baita ere hostoei (okertuxeak batak, tente eta luzexeagoak besteak).


Atlaseko zedroaren azikulak eta lore maskulinoa

Himalaiako zedroa

Himalaiako zedroa


 Arrañoko probalekuan zegoen Libanoko zedro lerdena Udalak bota zuen duela 2 urte, bertako instalakuntzei kalte egiten omen zielako.


Agi denez, Urquijo markesak gogoko zituen zedroak, gaur egun 35 ale zenbatu baititugu parkeko eremuan, gehien-gehienak Himalaiakoak. Kopuru horretako asko tamaina handikoak dira (30 metro baino gehiagoko garaierak eta metrobeteko diametroak) eta nire ustetan, aleen kantitatea eta tamaina aintzat hartuta, parkeko zuhaitz bilduma osoan azpimagarriena zedro multzo hau da. Kokapena alderik txarrena izan daiteke, Arrañorako magalean kokatuta bait daude gehienak, nahiko marko estuan, udaldean giro gerizpetsu eta freskoa eman arren, euren edertasuna izkutuan geratzen delako.


Himalaiako zedroak Arrañoko magalean

Himalaiako zedroak Arrañoko magalean


Parkeko sarreran dauden Atlaseko zedro biak (zedro urdinak izendatuta, loregintzako barietatea direla) apartak dira eta Lamuza inguruneko ikur eztabaidaezinak dira.


Atlaseko zedroa

Javi Mateok egindako parkeko zuhaztiaren inguruko argitalpenetan datu interesgarriak ematen ditu jakitera Ponpeia izeneko pergola ondoan zeuden Himalaiako zedro biren harira. Zuhaitz hauen ipurdiak ikusgai daude oraindik orain, egitura arkitektonikoaren albo banatan. Aurrez aurrez begiratuta eskuinekoa, bietatik bota zuten lehenengoa izan zen, 1987. urtearen bueltan. Antza, zuhaitza iharturik egon arren, zutik ziruaen bota zuten arte. Apeo lanak eraztunak zenbatzeko baliatu omen  zituzten eta  1892an  landatua izan zela ondorioztatu.  Handik urte batzuetara, ezkerrakoa bota zuten, Javiren esanetan, 44 metroko garaiaera zuela. Datuok Lamuzako zedro gehienen  adinaren berri ematen digute, 130 urte inguru alegia, eta zuhaitzon balioa agerian utzi.

Javi Mateoren argitalpenetik ateratako argazkia, non pergola ondoko azken zedroa zutik agertzen den


Parkeko pergola egun, alboetan egondako zedro biren ipurdiak agertzen direla




Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

OKELURI BASERRIKO SAUKU UKENDUA/ Ungüento de sauco del caserío Okeluri

MIHURA: LURRA ETA ZERUAREN ARTEAN / El muerdago: entre el cielo y la tierra.

LAMUZA-ARRAÑOKO ZUHAITZAK: ASTIGARRA/ ÁRBOLES DE ARRAÑO-LAMUZA: EL ARCE