ARRAÑO?? ZE ARRAIO... (Laudiokerietan)

         "_ Non egon zara ?

  _  Arrañon.

  _  Arrañon? Baina ze Arrañon ??

Blogarekin hastea planteatu  ginenean, edukina eta eremuaren zabalpena mugatzea izan zen aurreneko eginkizuna . Lamuza abiapuntua izanda eta  parkeak atxikituta daukan Arraño mendia lagun, Arraño-Lamuza naturgunea adiera aukeratu genuen blogaren edukinek izango  zuten zabalpena mugatzeko, behin   hastapeneko toponimia kontuak argituta (“Arraño” hobesten da  “Larraño”ren aldean). Baina testutinguru “sozionatural” bati erantzuten zion  adierak  gure herrian  “Arraño” toponimoaren inguruan egon den nahasmenduri egiten zion “ekarpena”  ez genuen kontuan hartu. Horretaz jabetu gara, Arraño-Larrea deritzon mendia gure jomugan egon denean.


Arraño toponimoa Laudioko mapa toponimikoan hainbat lekutan agertzen da



Luxamenditik datorren  mendilerroa Nerbioi ibaiak ebakita egon arren, badu norantza berean  jarraipenik (IM-HE), izen  ezberdinekin  ezagutu izan  den mendi muinoan hain zuzen ere: “Larraño” “Arraño” “Berrio”, “Arraño-Larra”, “eskonbrera” ( Laudioko zabortegia izan zelako), “motocros pista”…  Izan ere, marka da gero, herri bereko aurrez aurre dauden  bi muinok toponimo bera edukitzea! Tira ez dut toponimiaren amaraun korapilatsu eta gatazkatsuan gatibatua geratu nahi eta bai aldiz, agiri zenbaitek  erabilitako adiera ezberdinen zein azkenengo  irizpide toponimikoen berri ematea eta gero norberak atera ditzala ondorioak.


"Arraño Txiki" "Arraño Handi"tik ikusita

Arraño-Larrea geologikoki  Arraño-Lamuzaren   jarraipena   da   (agerian dituen arkaitz ildo bereizgarriekin), berau bezala   artadi kantauriarraren berezko eremua delarik .  Hamarkadetan zehar ingurune txit degratatua izan da eta  behin  bertako zabortegia zigilatuta,   Aldundiak zein Udalak   lehengoratze lanak burutu zituzten.  Alde batetik belardiak  sortzeko  eskuhartzeak gauzatu ziren  alderdirik harritsuenetan  eta beste aldetik,  lurraren babeserako zuhaitz espezie ezberdinak landatu ziren, ingurua naturalizatuz. Aipatzeko modukoa da,   tontor inguruan mantendu izan den porte handiko arteez osatutako baso txiki baina apaina, jatorrizko landaretzaren  lekuko esanguratsua dena.


Mapa geologikoan Arraño biak osatzen  material berberez osatuta daudela  ikusten da



Arraño-Lamuzatik begiratuta, eta bertako landaretza aztertzen ari ginela, Arraño-Larrea orkideetarako leku egokia izan zitekeela ematen zuen eta hango bazterrak arakatzeko parada noiz suertatuko geure buruari galdetzen genion. 2020ko konfinamendu osteko asteek aukera hori eman ziguten eta  oraingo honetan usteak ez ziren ustelak izan, orkidea espezie sorta aparta ikusteko parada izan baigenuen. Geroztik, bertako espezien populazioei jarraipena egiten gabiltza eta ondorioz Arraño-Lamuza naturguneko partetzat hartuko dugu aurrerantzean. Ziur sorpresa gehiago emango digula.


"Arraño Handi" "Arraño Txiki"tik ikusita

Amaitzeko  Arraño biak ala biak abeltzantza aprobetxamendurako belardiak izanik (eta horretaz blogaren beste sarrera prestatzen ari gara), Onura Publikoko Mendiak dira.  363/2020 azaroaren 16ko Foru Aginduak mendi biren gainean  egindako azken mugaketa eta mugarritzeen berri ematen du eta mendi   bakoitzaren ezaugarriak agertzeaz batera , datu interesgarriak agerian uzten ditu  toponimoen inguruan, izenen afera aberastu (konpondu edota aldrebestu) lezakeena.

*ONURA PUBLIKOKO MENDIA 73 zk. LARRAÑO HANDI izenekoa, Arraño-Goienuri inguruan.

*ONURA PUBLIKOKO MENDIA 74 zk. LARRAÑO TXIKI izenekoa, Arraño-Larrea inguruan.

http://www.araba.eus/botha/Boletines/2020/137/2020_137_03594_E.pdf

https://www.araba.eus/botha/Boletines/2020/137/2020_137_03594_C.pdf


 

Jakiteke dago, “handi” eta “txiki” ren izendapena nondik datorren, Laudion erabili izan den ala foru aldundiko teknikari kanpotarren batek asmatutakoa , "laudiokeria" hauekin gogaituta. 

 


 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

OKELURI BASERRIKO SAUKU UKENDUA/ Ungüento de sauco del caserío Okeluri

MIHURA: LURRA ETA ZERUAREN ARTEAN / El muerdago: entre el cielo y la tierra.

LAMUZA-ARRAÑOKO ZUHAITZAK: ASTIGARRA/ ÁRBOLES DE ARRAÑO-LAMUZA: EL ARCE