LAUDIOKO ORKIDEAK: MEMORIA 2023


Orchis morio

Urte mamitsua izaten ari da gure herriko basa orkideen ezagupenari dagokionez, hainbat jardun eta gertakari suertatu baitira. Horren guztiaren bilana egin eta sarrera berri batean argitara emateko  asmotan genbiltzala , jardun zabal hori blogaren kalterako izan dela ikusi dugu,  urtea amaitzera doan honetan  sarrera bakarra dagoela ohartzean hain zuzen ere. Aurten,  blogaren sorreraren 5 urte bete direnean eta 50 sarreraren langa gainditu dugunean, marka berri hori ere ezarri dugu, hasierako “hilabete 1/sarrera 1” helburu hartatik urrunegi. Tira, “geldirik ez gaude” eta “dana ezin da” leloei  bezain tinko heltzen jarraituko diogu  gure jardunaren berri emateko beharrezkoa dugun tresna honi.


ORKIDEA POPULAZIOEN JARRAIPENA:

Hau da apur bat 2023ko denboraldiak eman duena:

* Orchis morio espezie berriaren presentzia gurean.    Argazki zahar batean oinarritutako  susmoak baieztatu dira  azkenean, Orchis champagneuxii aleenn ondoan  , Orchis morio agertzen zela alegia .  Espezie antzekoak  dira, jatorri berekoak eta sarritan hibridatu egin direnak.   Identifikazioa zaila izan ez arren,  erreparatu behar eta ale batzuetan zalantzagarria izan daiteke. Gainera, Arrañon arazo bat daukagu espezie birekin,  aziendak larretara  sartzeko epea zabaltzerekin batera agertzen direla biak ala biak eta ganaduak irtenberri goseturik, deigarri egiten zaion orori aginka egiten diola, jan ez arren. Populazio hauskor hauek mantentzea helburu, hurrengo urtean babes egiturak ezarriko dizkiegu.

Orchis morio


 *  Orchis fragans. Berriro ikusi dugu eta berriro  modu murriztuan.  Adostutako  belar mozketa selektiboen proposamenari muzin egiteak  are murritzago utzi du orkidea honen presentzia. Gainean jarraituko dugu.

Orchis fragans


* Himantoglossum hircinum.  Ale berri eder askoa agertu zaigu eta babes egitura ezarri diogu. Bestetik konstatatu dugu, behin baino gehiagotan aziendek janda izan diren aleei kosta egiten  zaiela bizkortzea, urterik urte gero eta  itzaliago agertuz. Gauza bera gertatzen zaio  Arrañon dugun Orchis italica  ale bakarrari.

Himantoglossum hircinum


* Orchis provincialis Beste aurkikuntza interesgarria izan da Arraño-Lamuzan espezie polit hau topatzea, orain arte Arraño-Larran bakarrik  ikusi izan duguna.

Orchis provincialis


Cephalanthera damasonium. Parkean besterik  ikus dezakegun   espezie honek ez-ohiko populazioa agertu digu, aurten 60 ale inguru zenbatu baititugu.

Cephalanthera damasonium

 ORBEKO ETXEA-REKIN ELKARLANA

Laudioko etxe okupatuan euskara sustatzeko Euskaraske ekimenak aukera eman zigun   gure inguruko basa orkideen munduaren berri  euskaraz emateko, urtarrilean hitzaldia eta ekainean txango gidatua antolatuta. Esperientzatik azpirramarratuko nuke  hitzaldia, lehenengo aldia zelako  eta parte hartze handia izan zuelako (20 lagun), kristona dana, euskaraz izanda are gehiago. Txangoa ekainean burutu zen  ( etxearen urteurreneko ospakizunen barruan) eta ondorioz, denboraldiaren azkeneko espezieak  besterik  ezin genuen ikusi. Beraz ea hurrengo urtean apiril-maiatza aldean beste txango bat egin eta espezien gehiengoa miresteko aukera izaten dugun.


 UDALAREKIN ELKARLANA

Udal ingurugiro zein  landa garapen arloko teknikarien eta laudiokoloreak ekimenaren  arteko  harremana bere horretan mantendu da, berez berri ona dena. Are gehiago esan dezakegu harreman hori sendotu dela, ez guk nahiko genukeen beste, baina elkarlana iaz baino zabalagoa izan dela esatea bidezkoa da .  

Hauek izan dira batera gauzatutako jardunak:

·      * Mehatxatutako espezieen aleen babes egiturak ezartzeko materiala gure esku ipini du udalak, guk zuzenean eta modu egokian ezartzeko aukera emanda; egitura batzuk hobetu dira eta beste batzuk berriak .


·       * Belarraren mozteak doitzeko eta orkidea aleak errespetatzeko bilera egin genuen udal ardunadun eta  landen mantenua egiten duen enpresarakin. Emaitza eskasa izan zen, hitzartutakoa ez zen bete eta. Pazientzia.

·      * Arrañoko  larren antolaketarako egitasmoaren inguran  gure iritzia eskatu zitzaigun eta beste aldetik,   orain arte laudiokoloreak ekimenak orkideen inguruan egindako ekarpena  aintzat hartzen da plangintzan, gure jardunari sinesgarritasuna ematen diona zalantzarik gabe.

·       *  Bigarren urtez jarraian, Udalak  txango gidatua antolatu zuen guk lagunduta. Aurreko urtean bezala parte hartze mugatua izanda, plaza kopurua berehala bete zen  eta egun berean bigarren txango bat antolatu genuen, osotara 30 lagunek parte hartu zutelarik.

·       * Gauzak horrela joanda, gurekin harreman izan duten udal teknikarien esku txosten berria utzi genuen, Arrañoko basa orkidea espezieen populazioen kudeketan urrats gehiago eta sendoagoak ematea eskatzen duena. Maridomingiri zuzendutako gutun antzeko zeozer izan zen... orain arteko bidetik jarraitzearekin pozik geratuko ginake eta!. Momentuz, hasiera batean erredaktatu  moduan dago agiria, gazteleraz, baina Olentzerori bidaltzerako euskaratua izango dugu falta barik.

https://drive.google.com/file/d/1y4YLEbx-t9OVCwuyu9AQ7cnVKZkCy1Dp/view?usp=drive_link

 

KULTURLAB-EKIN ELKARLANA

SOSPARKEA ekimenetik eratorritako proiektua  da KULTURLAB, herriko sorkuntza sustatzea helburu duena. Eta hain zuzen ere  Parke egun batean atondutako erakusketaren argazkiak berreskuratu zituzten taldearen areto berriko (Elexalde kalea, Garaio burdindenda zena) lehen jardun  moduan. Argazkiok laudiokoloreak ekimenak egindakoak dira, kamara konpakta hutsa lagun, Arrañoko orkideak deskubritzen ari ginenekoak eta  espezieak dokumentatzea helburu bakarrekin. Aparteko balore fotografikorik ez dute   baina  erreprodukzio handietan    txit ikusgarriak dira. Erakusketak inagurazio ekitaldia eta guzti  (sortzaileen kontuak…) eduki zuen  , baita oihartzun zabala ere,  uztailan zehar burutu arren. Gauza jakina da Lamuza Parkea balioan ipintzeko mugimenduak laudiokoloreak-en sorreran  izan zuen eragina baina berriro ere, gure esker ona  agertu nahi diegu  SOSPARKEA-LAUDIOKO KULTURA ASANBLADA-KULTURZALEAKen partaidei.

 

GASTEIZ UDALEKO ORKIDEEN JARRAIPEN PROGRAMA

Aurten bigarrengoz, zientzia herritarraren epigrafearen pean  Gasteizko udalak antolatzen duen orkideen populazioen jarraipenerako laginketan bolondres moduan hartu dugu parte. Aurreko urteko emaitzen balorazioaren  parte izan ginen  beraz eta gure aldetik laguntzen jarraitzeko asmoa  agertu dugu. Zientzia herritarren ekimen hau erreferentzia da guretzat eta Arrañoko  orkideen  aberastuna kontuan hartuta, gurean antzeko eredua martxan ipintzeko  aukerak egon badaude eta  hartara, aprobetxatu beharko ditugulakoan gaude.

Gasteizko orkideen kontserbaziorako programa. 2022ko emaitzak



BASA ORKIDEEN PESKIZAN MUNDUA KORRITUZ 22-23 BIDEO BERRIA








Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

OKELURI BASERRIKO SAUKU UKENDUA/ Ungüento de sauco del caserío Okeluri

MIHURA: LURRA ETA ZERUAREN ARTEAN / El muerdago: entre el cielo y la tierra.

LAMUZA-ARRAÑOKO ZUHAITZAK: ASTIGARRA/ ÁRBOLES DE ARRAÑO-LAMUZA: EL ARCE